XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskaltzaindiak Bilbon egin zuen batzarrean
Juan Mari Lekuona aukeratu zen euskaltzain oso atzo.

Juan Mari Lekuona aukeratu zuen atzo Euskaltzaindiak, Manuel Lekuonak, hutsik utzi zuen aulkirako, 13 botoz.

Txillardegi, beste hautagaiak sei boto bereganatu zituen, beste hiru euskaltzainek zurian eman baitzuten botoa.

Juan Mari Lekuona 1927ko azaroaren 11an jaio zen Oiartzunen.

Gasteizko Seminarioan ikasketak amaitu eta Erromako Gregoriana Unibertsitatean burutu zuen Doktoradutza Teologian.

Manuel Lekuona osabaren distirak, ordea, euskal literaturara bildu zuen Juan Mari oso gaztetatik.

Ama izeneko poesiarekin irabazi zuen lehen saria.

1966an Mindura gaur olerki liburua argitaratu zuen.

1973an, Muga beroak, eta 1979an Ilargiaren eskolan.

Juan Mari Lekuona hasi zen Donostiako seminarioan Euskal Literaturaren Historia irakasten.

Andereñoen Egoitzan eta herrietan ere askotan eman zuen euskal literaturaren berri.

Deustuko unibertsitatean, Donostiako campus-ean Irakasle Titularra da Filosofia eta Letretan, Euskal Filologian diharduelarik, Euskal Testuak I deritzan arloa irakasten.

Euskal Literaturaren Departamentuko Zuzendari da, gainera.

Ahozko literatura landu eta aztertu du, batez ere, Juan Marik.

Liburu eta lan monografiko asko du argitaraturik euskaraz eta erdaraz: Ahozko euskal literatura, " Literatura oral vasca, Oralidad y poesía, Ahozko literaturaren historiaz, Herri poesia Oteizaren ikuspegi estetikoan, Euskal Herriko ahozko literatura, Bi literatur estilo gurean, Herri lirika XVIII mende eta abar.

Baina literatura idatzia ere aztergai izan du Juan Mari Lekuonak: Poesigintza eta kanta gerraostean, Barrutiaren metrikaz, Manuel Lekuonaren literatur kreazioa, Lizardiren eskema metrikoak eta puntuak, Orixeren liturgi olerkiak, Literatur ihardunaldiak eta abar.

Uztapide, Atxukarro, Saletxe, Arriola, Mikel Arregi, Gandiaga, Luis Mari Mujika, Paulo Iztueta, Bordari, E. Zabala, Joxeauxtin Arrieta eta abarren liburuei egin die hitzaurrea.

Horretaz gainera, elizabarrutiko itzultzaile da, euskarazko eliz idaztietarako batzordearen buru eta Euskal Itzultzaileen Elkarteko buru.

1962az geroztik euskaltzain laguntzaile denez, Bertsolarien Batzordeko izan da Euskaltzaindian.

Txillardegi ala Sarasola hurrengoan.

Manuel Lekuonaren aulkirako aukeratua izan ez denez gero, Koldo Mitxelenaren lekurako berriro Txillardegi aurkeztu zuten Krutwig, Alfonso Irigoien, Davant, Xarriton eta Patxi Zabaletak.

Villasante, Haritxelar, San Martin, Barandiaran, Knorr eta Salaburuk, aldiz, Ibon Sarasola aurkeztu zuten.

Koldo Mitxelenaren aulkian non eseriko den urtarrilaren 28an erabakiko du Euskaltzaindiak, Donostian egingo duen batzarrean.

Egun horretan jasoko dituzte Xenpelar Sariak, Joseba Santxo Urriartek 100.000 pezeta, eta Joxe Aierbek 75.000 eta 50.000 pezeta, bigarrena eta hirugarrena berak irabazi bait ditu.

Bizkaiko Txapela Irigoienen eskutik.

Bihar Bilboko Arriagan jokatuko den Bizkaiko Bertsolarien Txapelketako txapeldunari Alfonso Irigoienek jantziko dio txapela Euskaltzaindiaren izenean, atzoko batzarrean erabaki zuenez.

Datorren urteko egutegia ere zehaztu zuen Euskaltzaindiak.

Besteak beste, Otxobi eta Dassanceren mendeurrenak ospatuko dira Ipar Euskadiko Bidarrai herrian, martxoan lexikologia ihardunaldiak burutuz.

Eta Huizi eta Orexan Nikola Ormatexea Orixe.

Hain zuzen ere, gerrari ihesi Bidarraira jo zuen Orixek.

Bilbon euskararen katedra sortu zela ere datorren urtean betetzen dira 100 urte.

Baita Gernikako euskal jaien mendeurrena ere.

Bietan izan zuen parterik Unamunok, lehenengoan Azkueren kontra katedra galtzeko, eta bigarrenean, epaimahaiko bezala Arresebeitiari olerki saria emateko.

M.A.